Lesakako ermitak I: Salbatore
Sarrera honekin hasiera emanen diot gure herriko ermitei buruzko hiru kapituluko sail labur bati. Hiru kapitulu hauetan, Lesakako hiru tenplu ttiki eta berezi hauen historia eta bilakaera aztertuko dugu: San Salvador edo Salbatore ermita, San Antonio edo San Antonena eta gaur egun desagertua dagoen Magdalenaren ermita-ospitalea.
| M.A. Tapia Arriada |
Artikulu hauetako edukia 2016an argitaratu zen Piedra, hierro y papel. Trayectoria histórica de la villa de Lesaka liburuko azken kapitulurako egin nituen ikerketetan oinarritua dago. Liburu hori Udalak eta Eusko Ikaskuntzak hitzartutako elkarlanari esker (kontua luzeagoa da, baina hortan utziko dugu) atera zen argira, eta plazer handia izan zen niretzat bertan parte hartzea, herriko erlijio-ondareari buruzko atala idazten; nere espezializaziotik abiatutak aski gustura idatzi nuen atal hura. Lan hartan parte hartzeko gonbita Ana Zabalza Seguin doktoreak, Aro Modernoko nire irakasle izandakoak, egin zidan.
Liburuak espazio aldetik informazioa laburbiltzera behartzen ninduenez, blogeko sail honek aukera ederra ematen dit orduan argia ikusi ez zuten xehetasun, datu eta bitxikeria baliotsuak berreskuratzeko. Iturriak sakonago ezagutu nahi dituen irakurleak 2016ko argitalpen hartan aurkituko du bibliografia osoa.
Ermitei buruzko sail hau Salbatorekoarekin hasiko dugu. Aitortu behar dut eraikin txiki honi estima berezia diodala, gehienbat haurtzaroko oroitzapenengatik. Gogoan dut ume-umetan nire gurasoekin Ortziral Santuko goizean Vía Crucis-a egitea (Jauna damu zait zu iraindua…) eta ia erortzear zegoen ermita ilun hartara sartzea: egurrezko tribunekin ondutako koro polit hura erortzeko zorian ikustea, hain desberdinak ziren aldare haiek, ohitua nengoenetik hain bertzetikakoa zen Kristo hura eta eraiste bidean zen sabaia. Neretzat, eraikin ttiki hartan sartu ahal izatea benetako abentura bat izaten zen, ezin izaten baitzen aunitzetan barrenerat sartu.
| Salbatore erreformaren aintzinetik Navarchivo.com |
Eraikinaren jatorriari buruz solasean hasita, sorrera-data zehatza jakitea zaila da. Hala ere, dituen arkitektura-elementuak aztertzen baditugu, badirudi tenpluaren jatorria Lesakako hrigunearen osatze-garaiarekin lotua dagoela. Herriaren egitura XIV. mendearen azken laurdenean finkatu zela dirudi eta ermitaren eraikuntza beranduxeagoko dela erranen nuke, XV. mendearen hasierakoa, akaso; beraz, herrian zutik dirauen eraikin zaharrenetako bat da, dudarik gabe.
Hain zaharra izan arren, Salbatoreri buruzko lehenengo dokumentu idatzi zuzenak 1567koak dira. Urte hartan, parrokiaren ondasunen inbentarioa egin zen, Lesakako hiribildua, garai hartara arte Baionako elizbarrutiaren menpe zeuden bertze nafar lurraldeekin batera, Iruñeko apezpikutegira pasatu baitzen Felipe II. Aita Santuarekin egindako negoziazioen ondorioz, Espainiako koroaren menpean zeuden lurrak koroa berdineko eliz agintariek agindu zitzatzen. Nafarroa, konkista garaitk, Gaztelari atxeki zitzaion.
Aipatutatuko 1567ko erregistro hark ermitaren egoera txarraz ohartarazten zuen. Urte bat geroago, 1568an, parrokiko liburuek hitzez hitz honela jasotzen zuten:
«Ite hay otra ermita de la bocación de San Salvador no tiene renta ni bienes nengunos, ay cofradia, della está a mitad derribar y agora en el año 1568 se a renobado».
Testuak dioenagatik Salbatorek kofradia ere bazuen, garai hartan normala zen moduan.
Bertzalde, erortzeko arrisku etengabe hori eta ondorengo zaharberritze eta berreskurapenak behin eta berriz errepikatu dira eraikinaren bizitzan.
Hala ere, Parrokiako Artxiboan kontserbatzen diren kontu-liburuek erakusten dute ermitak aktibitate ekonomiko handia izan zuela antzina. Liburu horietan limosna-kutxetako diru-bilketak eta mantentze-lanetan egindako gastuak agertzen dira. Oso esanguratsua da, adibidez, 1616ko idazki hau:
«Item da por descargo doze due’s [ducados] y diez reales que ha pagado a Juea de Agesta cantero por abrir la pared de la hermita de S. Salvador y poner la texa de yerro en ella».
Urte berean, 1616an, kanpailekurako kanpaia egitea agindu zen, tenpluak ez baitzuen; herritarren oroitzapenen arabera, bere soinu garbia herriraino iristen zen ongi aski. Hamar urte geroago, 1626an, agertzen da Leonardo de Orbaiceta margolariari 9 dukat ordaindu zizkiotela Kristo gótikoaren irudia «encarnatzeko» (hau da, azalaren kolorea emateko eta polikromatzeko).
Geografikoki, Lesakako zubiaren eta herrigunearen arteko erdi bidean dago. Errepide nazionalak inguratzen du iparraldetik eta bidegorri berriak hegoaldetik. Bitxikeria gisa, bidegorri hori egiteko lanetan, antzinako karrobi edo kislabe bat aurkitu zuten ermitatik bertan.
Arkitekturari bagagozkio, diseinu sinplea badu ere, Salbatore eraikin berezia da. Planta errektangular luzanga du, Ekialde-Mendebalde norabidean jarria. 21,20 metro luze eta 9,90 metro zabal da, eta paretek 70 zentimetroko lodiera dute.
| Salbote. Planta gaur egun. Egoitz TE |
Paretetan harri mota desberdinak ikusten dira behetik gotti jarrita: altuera erdira arte harri landuak (sillarrak) dituzte, eta goiko aldean harri irregularragoak (sillarejoa). Eraikinaren gainean harrizko eta egurrezko espadaña edo kanpaileku berezi bat dago; antzina kanpaia bazuen ere, gaur egun gurutze bat gordetzen du. Gaur egun hegoalderat ematen duen sarrera nagusia silarezko arku zorrotz eta dobelatu batekin egina dago.
| Espadaña. Caro Barojaren marrazkia. Julio Caro Baroja. Monumentos Reliogosos de Lesaka. 1932. |
| Espadaña gaur egun. M.A. Tapia Arriada |
| Garai bateko sarrera. Egoitz TE |
Barrualdea hagitz sinplea eta funtzionala da. Nabe bakarra bi zatitan banatuta dago: batetik, fededunentzako bankuak dauden lekua, eta, bertzetik, koroaren azpian dagoen atzealdeko espazio hutsa, meza denean sakristia lanak egiten dituena. Burualdean harrizko hiru altare daude, baina erretaula erdikoak bakarrik du.
Erdiko retablo hau XVII. mendeko lan barrokoa da. Erdiko gorputz bat du, orden korintioko bi zutabe akanalatuz inguratua, eta goiko aldean (atikoan) frontoi triangeluar batekin errematatzen da.
Zutabeen artean ermitako artelanik garrantzitsuena dago: Kristo gurutziltzatuaren egurrezko taila polikromatu bikain bat, XV. mendearen bigarren erdiko eskola hispanoflandriarrekoa. Torsoaren anatomia errealistagatik, gerrian duen oihal urreztatuaren tolesdura ederrengatik eta aurpegiaren lanketagatik nabarmentzen da, bake eta baretasun handia transmititzen baitu. Horrelako pieza bat nola iritsiizan zitekeen ermita honetara… misterio hutsa da.
| Kristo gurutziltzatua 192oko hamarkadan |
| Kristo gurutziltzatua 2001ean Navarchivo.com |
Atikoko margoan, berriz, san Frantzisko Asiskoa agertzen da burezur batekin. Garai hartako ikonografian irudi honek bizitzaren iragankortasuna gogorarazten zuen (memento mori). Santu italiarrak idatzitako Izakien Kantua ospetsuari egiten dio erreferentzia zuzena, hain zuzen ere «heriotza arrebari» eskainitako bertsoei, non Jainkoaren borondatearen arabera bizi direnak zoriontsu izanen direla dioen:
«Laudato si', mi' Signore, per sora nostra morte corporale, da la quale nullu homo vivente pò skappare: guai a-cquelli che morrano ne le peccata mortali: beati quelli ke trovarà ne le tue sanctissime voluntati, ka la morte secunda no 'l farrà male.»
(«Gora zaitzatela, ene Jauna, gure heriotza gorputz-errainarengatik, zeinetatik ezin baita gizon bizirik ihes egin. Zorigaitz bekatu mortaletan hiltzen direnentzat! Zoriontsuak zure borondate santuenean aurkituko dituenak, bigarren heriotzak ez baitie kalterik eginen»).
Erretabloaren bazterretan Ama Birjinaren eta San Joan Ebanjelariaren eskultura modernoak (XX.m hasierakoak) daude. Irudi hauek hamarkada luzez Serotegian (sakristauaren edo seroraren etxean) gordeta egon ziren, lehenbiziko solairuan.
XV.mendeko gurutziltzatua eta Asisko Frantzisko Egoitz TE |
2000. urteko berritze-lanak egin ziren arte, alboetako harrizko altare bakoitzak bere XVII. mendeko retablo barrokoa zuen, baina oso egoera txarrean ailetu ziren guregana, anitzetan birmargotuta eta irudirik gabe.
| Salbatoreren barrukaldea 1997ko Ortziral Santuan. Erretaulak eta epistolaren aldetik burukalderaino iristen zen galeria ageri dira. Alfonso Obeso |
Hori dela eta, desmontatu egin behar izan ziren, eta gaur egun haietako baten bankua Kristo hilaren irudiaren oinarri edo peana gisa erabiltzen da. Kristo gotiko eder hau parrokiaren biltegietatik berreskuratu zen; antzina Ostiral Santuko prozesioetan ateratzen zena zen, Oloteko tailerretatik etorritako gaur egungoa erosi zen arte. Gaur egungo espazio liturgikoa osatzeko, erdian egurrezko altare-mahai bat dago eta hormetan XIX. mendeko egurrezko Vía Crucis bat, osorik zaharberritua.
| Egoitz TE |
Salbatoreren barruko antzinako egitura benetan ikusgarria zen, eta Ipar Euskal Herriko elizen egitura ekartzen zuen gogora. Jatorrizko koroa ez baitzen sarrerara mugatzen; aitzitik, egurrezko galeria edo korridore gisa luzatzen zen nabearen bazterretatik, aldareetaraino iritsiz ia. Zurgintza-egitura handi hori mamposteriazko lau zutabe sendoren gainean zegoen jarria. Goiko tribuna honetara igotzeko bi eskailera zeuden: bata koroaren azpian eta bertzea nabetik gora igotzen zena. Herriko zaharrenek gogoan dute, gainera, egitura horrek púlpitu ttiki bat zuela eskuineko (Epistolaren) aldean.
| Koruaren egitura eskuineko galeriatik ikusita. 1920ko hamarkada. Julio Caro Baroja. Monumentos Reliogosos de Lesaka. 1932. |
| Koruaren egitura ezkerreko galeriatik ikusita. 1999 Alfonso Obeso |
Espazioaren banaketa honek tradizio eta hierarkia zorrotz bati erantzuten zion. Ermitako festan, gizonek goiko galeriak eta koroa hartu behar zituzten meza ikusteko; beheko aldea, berriz, emakumeentzat izaten zen bakarrik. Horrela utzi zuen idatzia Julio Caro Baroja antropologoak Lesakako erlijio-ondareari buruz egindako ikerketan.
Gaur egungo erreformetan, baliabide ekonomikoek horrela behartuta, egitura baliotsu horren ordez egurrezko koro altu eta xumeago bat jarri zen. Gaur egun, sarreraren ezkerretara dagoen eskailera bakar batetik igotzen da bertara. Koro honetan oraindik ikusten da antzina ermitauaren etxera zuzenean pasatzeko erabiltzen zen leiho edo atearen zuloa.
Ermitaren hego-mendebaldeko izkinari itsatsia, ermitauaren bizilekua zen etxea zegoen. Etxe hori gaur egun ez da existitzen, altura erdiko pareta eta ataka bat dira haren oritzapen bakarra; Caro Barojak berak dokumentatu zuen bere garaian, hutsik eta ia erortzeko zegoela esanez.
| Salbatoreren jatorrizko planta. 1932. Julio Caro Baroja. Monumentos Reliogosos de Lesaka. 1932. |
Ermitau karguak erantzukizun handia eskatzen zuen: ermita egunero zaintzea, argiak piztea eta mezan laguntzea. Hautagaiak ez ziren edonola aukeratzen; Doktrina Kristauko eta eliz-liturgiako azterketa zorrotz bat egin behar zuten, apaizari aldarean ongi laguntzen bazekitela frogatzeko, eta bikarioaren onespena behar izaten zuten.
Agiri baliotsu hauei esker, gaur egun ermitan bizi izan ziren hainbat bizilagunen izenak ezagutu ditzakegu. Horrela, badakigu 1770 baino lehen D. Alejandro de Arburua apaizak bete zuela kargua, eta urte hartan bertan Pedro de Arbelaiz agertzen dela behin-behineko ermitau gisa. Geroago, 1805 eta 1815 urteen artean, elizako kontuek xedapen berriak eta Juan Mocorrea (edo Mocoroa) izeneko herritarraren izendapena erakusten dituzte; 1827an, berriz, Juan Antonio Ochoteco zegoen karguan, eta honek pasadizo bitxi samarra bizi izan zuen, kargutik kendu baitzuten Eukaristia garaian aldarean apaizari laguntzeko behar zen trebetasuna eta abilezia ez erakusteagatik. Lanbide tradizional eta berezi honek, dena den, XIX. mendearen bukaera-XX.hamakadaren hasierara arte iraun zuen bizirik herrian, etxea betiko hutsik geratu eta denboraren joanak bere eraistea hasi zuen arte.
| Ermita eta ermitauaren etxea oraindik zutik. Julio Caro Baroja. Monumentos Reliogosos de Lesaka. 1932.
|
Kontakizunak dioenez, herriko bi gazte ilunabarrean ermitaren inguruan ezkutuan elkartzen hasi ziren, lekuko bakardadea aprobetxatuz. Elkarretaratze hori sekretuz eta eskandaluz inguratua zegoen, bi gazteak bertze pertsona batzuekin ezkontzeko hitzartuak baitzeuden. Ermitauak ezustean harrapatu zituenean, mutilak mehatxu larria egin zion, ikusitakoaren inguruan erabateko isiltasuna exijituz. Baina diskrezioa ez omen zen ermitako zaindariaren dohainik handiena. Handik guttira, arrats erdian, Tomasenekoborda baserriko atean joka hasi ziren urgentziaz. Atea irekitzean, etxekoek ermitaua aurkitu zuten zaurituta, sastada sakon baten ondorioz tripak eskuetan zituela. Ermitau gaixoa gau hartan bertan hil zen baserriko atarian, Salbatoreko moradoreen historiako azken kapitulu ilunena bere heriotzarekin sinatuz.
Gai atseginagoetara bueltan etorriz, Salbatorek gaur egun duen itxura bikaina 2000ko hamarkadaren hasieran egindako berritze-lan sakonari zor zaio. Orduko bikaioak, D. Maximo Hernandorenak bultzatuta —San Antongo ermita ere berreskuratu zuelarik—, eta Lesakako erretiratuen eta bizilagunen auzo-lanari esker, eraikinaren egitura finkatu eta salbatu ahal izan zen.
Lan handiak egin ziren: erortzeko zegoen teilatu osoa aldatu zen, harrizko fatxadak garbitu, lurra eta bankuak berritu eta egurrezko koroa berreraiki zen. Gainera, proiektu honek balio izan zuen parrokiko biltegietan ahaztuak zeuden hainbat artelan berreskuratu, zaharberritu eta ermitan integratzeko.
Kanpaina horretan Kristo gotiko bikaina osorik zaharberritu zen, urteetako repinteak kenduz eta gaur egun ikusten den jatorrizko polikromia berreskuratuz, lanaren kalitate bikaina agerian utziz. Aldiz, alboetako retabloak hagitz hondatuak zudenez, kentzea erabaki zen; haietako baten bankua Kristo hilzoriaren oinarri gisa erabili da, oso modu egokian.
Erdiko retablo nagusia osorik garbitu eta sendotu zen. Aldare-mahaia, berriz, kolore urreztatuz eta urdin ilunez margotu zuen D. Alfonso Garciandia apaizak, Hernandorenaren ondorengoak, Lesakako parrokiko retablo nagusiko rokallaren formak eta Jesusen Bihotz Sakratuaren peana erreferentzia gisa hartuta.
| Salbatoreren zaharberritzearen inagurazioa. Navarchivo.com |
Nafarroako bertze inguruko santuetan ez bezala, gaur egun San Salbatore ermitan ez da exvotorik (esker oneko opariak) kontserbatzen, eta ez dago titularraren festan erromeria handirik egiteko ohiturarik, dagokion meza ospatzea kenduta. Debozio honek beti izaera oso herrikoia, intimoa eta auzokoa izan du, Frain auzoko ermita baita. Gaur egun Ortziral Santuan eta Igokunde egunean irekitzen da jendearentzat.
Historia eta etnografia arloko bitxikeria gisa, gogoan dut nire atatxi zenak, Ramon Telletxea Ramontxo Xumusek, aipatzen zuela Salbatoreko atean, gaur egun errepidea dagoen tokian, antzara jokua egiten zela baina zaldi gainean. Ez dakit seguro berak ezagutu ote zuen edo aditutakoez ari ote zen solasean. Datu ikusgarri hau liburuetan baieztatu ahal izan dut gero, Aita Donostiak eta Julio Caro Barojak utzitako idazkiei esker. Biek ala biek ohitura horretaz iraganean hitz egiten dute eta 20ko hamarkadan idazten dute horri buruz.
Halaber, Ahotsak proiektuaren grabazio baliotsuei esker, zendu berri den Pedro Lantzen lekukotasuna dugu. Herrian estimatua zen pertsona, Pedro errementari, artista eta gure alkate izan zen, herriko istorio ttiki, pasadizo eta kontuak sakonki ezagutzen zituen gizona. Kronologia eta ditugun paperak ikusita, zaila da Pedrok zaldi gaineko antzara joko hori bizirik ikusi izana; ziurrenik bere kontakizunak bere zaharrengandik jasotako ahozko transmisioa eta oroimena ekarriko zuen gogora, gure ondareari egiazko zentzua ematen dion ahozko kate hori mantenduz.
| https://ahotsak.eus/lesaka/pasarteak/les-025-017/?autoplay=1embed/widget |
Bukatzeko eta hagitz gainetik bada ere Salbatoreraino doazen gurutzei buruz arituko nahiko nuke. Lesakan sartu eta Salbatoreko ermitatik pasatu orduko, bide bazterretan harrizko gurutzeak ikusten hasten dira. Monumentu haiek Bide Gurutzearen lana egiten dute, eta, norberaren debozioaz gainera, Ortziral Santuz Jesukristok Kalbariora egindako bidea gogoratzeko erabiltzen dira.
Ospakizuna lehenbiziko gurutzean hasten da, gaur egun Fonda Maria deitzen diogun etxean —garai batean Madalenako ermita eta ospitalea izandakoa—. Hamalau dira Salbatorera arteko bidean barrena sakabanatuta dauden gurutzeak. Bide Gurutze hau XVIII. mendean altxatu izanen zen, parrokian gordetzen diren agiriak ikusita ondorioztatzen denez.
Pietatezko multzo hau osatzen duten harrizko piezek ez dute zori desberdina izan dute, erran nahi da, batzuk ongi badaude ere bertze batzuk egoera tristean aurkitzen dira. XX eta XXI. mendean zehar errepidean egin diren hainbat lanengatik, gurutze ainitz beren jatorrizko tokitik mugitu dira eta batzuk kalteak jasan dituzte. Ohikoa da lan horietan ikustea nola gurutzearen azpiko beso hautsia ordezkatzen den piezari eusten dion fustearekin berarekin.
Aipatzeko modukoa da azkenaurreko geltokiko gurutzea, Kristoren pasioaren tresnak landuta baititu, nahiz eta modu zakar samarrenean izan. Gainerako piezek ez dute nabarmentzeko moduko xehetasunik.
| Azken antzineko geltokiko galbarioa. Egoitz TE |
Pentsatzekoa da Kalbarioko bide honen aitzinetik bertze bat izaten ahal zela, XVIII. mendearen aurreko parrokiako agirietan sumatzen denaren arabera.
A propósito de los Vía Crucis tenemos que decir algo en esta nota.Es irritante el que algunos escritores franceses, poco escrupulosos como M. Cenac Moncaut, hayan tratado del País Vasco, pintando a sus habitantes de la manera más ridícula y extravagante. Entre los pueblos que peor suerte han tenido en lo que a esto se refiere, se cuenta Lesaka.Queremos recoger un párrafo del libro del citado escritor que se titula«L'Espagne inconnue voyage dans les Pyrenees» (París, Amyot 1861). Des-pués de decir que el Bidasoa va de E. a W. (ptig 65), nos habla de Lesakaen los siguientes términos:«C'est au milieu de cette nature sauvage, que se cache, dans un enten-noir de la rive gauche, l'austere et mysterieuse ville de Lessaca... Austere,par la couleur noire de ses habitations, les ruines imposantes de ses grandestours du moyen age, et la flegme imposant d'une population eloignée dureste du monde: mysterieuse par la difficulté queprouve le voyageur a ladecouvrir, dans so gorge sans issue. Nous pourrions ajouter: terrible, parses souvenirs, car on arrive a ses premieres maisons en passant entre deuxrangées inegales de vingt deux croix votives, qui rappellent autant d'assa-sinats... Ici mourut Juan Goria egorge le... Ici fut assassine Miguel Jerri,le .. Quelle gracieuse avenue! Quelle prevenance hospitaliere! Nous aurionssuivi les autres sentiers qui se dirigent vers lanzi et Astigarraga que le memecontingent de menaonts souvenirs serait probablement passe sous nosyeux» (pág. 66) .Es cómico el que todo un erudito historiador confunda un sencillo Via Crucis con recordatorios de terribles y fantásticos crímenes.
Frantsezez dagoen zatiak horrela dio:
«Natura basati honen erdian gordetzen da, ezkerreko ertzeko sakonune moduko batean, Lesakako hiri latz eta misteriotsua...
Latza, bere etxeen kolore beltzagatik, Erdi Aroko bere dorre handien hondakin ikusgarriengatik eta munduko gainerakotik urrun bizi den biztanleriaren lasaitasun inposatzaileagatik; misteriotsua, bidaiariak irteerarik gabeko bere arroilan hura aurkitzeko dituen zailtasunengatik.
Gehitu genezake: beldurgarria ere bai, bere oroitzapenengatik; izan ere, bertako lehenbiziko etxeetara iristen da hogei eta bi botozko gurutzez osatutako bi errenkada desberdinen artetik igarota, hainbeste erailketa gogoratzen dituztenak...
Hemen hil zen Juan Goria lepoa ebakita, [data]n... Hemen erail zuten Miguel Jerri, [data]n...
Zein etorbide xarmangarria! Nolako harrera abegikorra!
Lantz eta Astigarragarantz doazen bertze bideetatik joan bagina ere, mehatxuzko oroitzapen berberak igaroko ziren, ziurrenik, gure begien aurretik.»
Horrela, bada, mendeen joan-etorriak, auzo-lanak eta bertakoen debozio nahiz oroitzapenek eraiki dute Salbatore ermitaren historia luze eta berezi hau. Ttikia izan arren, argi dago Frain auzoko tenplu honek Lesakako erlijio, kultur eta komunitate-bizitzan leku sakona betetzen duela, gure herriaren izaera bera oroitzen diguten harri, gurutze eta ahozko kontuen artean.
Baina erran bezala, gure herriko ermiten inguruko ibilbidea ez da hemen bukatzen. Datorren kapituluan bideari segitu eta San Antonioren ermita izanen dugu hizpide: eraikin berezi horren jatorria, bertan gordetzen diren kontuak eta mendeetan zehar izan diuen bilakaera ezagutuko ditugu.
Bibliografia:
- Zabalza-Seguín, A. (Dir.) Piedra, hierro y papel: Trayectoria histórica de la villa de Lesaka. Ayuntamiento de Lesaka, 2016
Comentarios
Publicar un comentario