Sanferminetako musika II (Extended version)
EUS: Dagoeneko ailetu da etxeetara aurtengo bestetako programa! Hementxe aurkezten dizuet argitaratu didaten artikuluaren bertsio ilustratu eta osoagoa, izan ere programan gauzak laburtxeago kontatu behar baitira!
CAST ¡Ya ha llegado a las casas el programa de fiestas de este año! ¡Aquí os presento la versión ilustrada y más completa del artículo que me han publicado, ya que en el programa las cosas se tienen que contar de forma más resumida!
______________________
| Jasone Telletxea Maritxalar |
Bestetako programan idazteko ematen zaigun aukera berriz ere baliatuz, 2024ko lehen artikulu hartan jorratu nuen gaiari jarraipena eman nahi nioke: Sanferminetako musikari. Ordu hartan, uztailaren 6tik 10era bitartean jotzen diren hainbat obra aipatu nituen gainetik, eta arreta berezia paratu nuen Napoleones martxan. Barkamena eskatu nahi nuke berandu xamar bada ere, melodiak zerrendatzerakoan, bertzeak bertze, Banderarbola edo Ziharkoa bezalako aire garrantzitsuak aipatzea ahantzi zitzaidalako.
Oraingoan, nere kontaketak ordena kronologiko bat jarraituko du eta bide horretan lehenbiziko geldialdia uztailaren 6a izanen da. Hiru dire bestei hasiera ematen dien egun horretan aditu ditzakegun piezak: Mozkorrenborda, Jota eta Arin-arina.
Eguerdiko 12etan "Danborrada" bezala ezagutzen den kalejira entzuten ahal den arren, arratsaldeko 8etan izaten da, Eskolttikiko atean, altxaferoa aditzeko gogoz gauden lesakarrok doinu alai honekin gehien gozatzen dugun momentua. Musika bandak lehen notak jo orduko oilo-larrua jartzen zaigu, eta danborren burrunbari erraldoi eta buruhandien konpartsa gehitzen zaionean, karrikak pozez lehertzen dira.
Egia erran, "Mozkorrenborda" izenburua behin eta berriz aditzearen poderioz, izena aski ezagun egin zaigu, baina ez dio obra batendako izen xelebrea izateari uzten; bere egilearen, Pepito Yanciren, umorearen seinale garbia da. 2007an Lesakako Bandaren 150.urtea betetzen zela eta jaialdiko gidoia idaztea tokatu zitzaidan, nahiz eta gero Jon Andueza eta Estitxu Fernandezek haien gisara birmoldatu zuten. Gidoi hura idatzi ahal izateko bizirik zeuden bandako beterano zenbait elkarrizketatu nituen eta istorio xelebreren bat edo bertze lortu nuen haien memoriaz baliatuz. Santiago Irigoienek eman zidan Mozkorrenborda izenaren jatorriaren berri eta antza Pepitoren jaiotetxeari zor zaio izena.
Pepito, Joxemari Larrane eta Gilermo Agara.
1935. urtea zen, artean Yancik 18 urte zeuzkan eta gurasoen etxean bizi zen, garai batean “Paulon itxia” eta beranduago “Ziobi” bezala ezagutuko zen Abasenean. Etxearen azpiko solairua denda eta ostatua zen aldi berean. Pepito, etorri handiko gizona izanik (SGAEn bakarrik, 426 pieza dauzka bere izenean), soinuarekin zerbaitere trebatu bezain laster hasi omen zen musika konposatzen eta, bertze doinu batzuen artean, bere etxeari biribilketa bat eskaini zion: "Hi, eta zer izen jarri behar diok pieza horreri?", "Mozkorrenborda!", "Mozkorrenborda?", "Bai, gure itxera denak zuzen sartzen ttuk ta okerrak ateri, mozkorran borda duk gure itxia!".
https://enlinea.sgae.es/.
Jose Yanci Alvarez izenpean 375 ageri dira. Bertzeak Pepe Yanci eta bertze izenekin erregistratuta datoz.
Egia edo ez, istorioa xelebrea dela ezin ukatu. Yanciren partiturara jotzen badugu, horrelaxe dio: “Dedicado al Club Mozkorrenborda en el año 1935”. Ezin izan dut jakin “Club Mozkorrenborda” delako hori nortzuk osatzen zuten, baina Barrio Zialdoren erdian zegoen ostatuan sortutako taldea bazen, kideak nahiko xelebreak izanen zirelakoan nago. Pepitok Barrio Zialdori idatzitako bertsotan topatu dezakegu, akaso, jende hauei buruzko pistaren bat.
Pepito Yanci Beti bizi liburutik. Antxon Gisasolari esker lortutako Pepitoren artxibotik.
Kalejiran aitzinerat eginez, bertze doinu batzuk ere aditzen ditugu uztailaren 6ean: Jota eta Arin-arina. Bi pieza hauek garai bateko Musika Akademiako eta Bandako zuzendari izandako Candido Albisturren uztakoak dira. Albistur ere konpositore emankorra izandakoa dugu, baina, tamalez, bere sorkuntza gehiena galdu egin da. Herriko Bandarako idatzitako gehientsuena Mataderi zaharreko armairu bati su eman ziotenean galdu zen, eta ez omen zen lan kupuru ttikia. Ez dut gehiago erranen.
https://www.eusko-ikaskuntza.eus/ Candido Albistur Iturria
Gaur egun, gure jota ”Sanferminetako jota” edo “Lesakako Jota” gisara ezagutzen dugu herrian eta inguruetan, baina aire honen jatorrizko izena ez da hori. Batzuek Periko eta Panttaleon izena eman zioten, baina jakin ahal izan dudanez, hori Candidok idatzitako bertze jota baten izena zen, bere garaian klarinetea eta rekintoa jotzen zuten bi banda-kideri eskeinia (Periko, zubiari izena ematen dion harakina, eta Pantaleon Agara).
Duela urte batzuk (2016an), aspaldi topatutako partitura batzuk aztertzen ari nintzela, pentagramadun orrialde horizontal bat aurkitu nuen. Goiburuak honela zioen: “Los Gaiteros (Valses)”. Partitura klarinetearen bigarren ahotsari zegokion, eta eskuineko aldean “por C. Albistur” ageri zen. Idazkaera Candidorena zen dudarik gabe. Doinu haiek leitzen hasi nintzenean, lehenbiziko zenbakiduna gure jota zela ohartu nintzen; gainerako hirurak, ordea, ez nituen inoiz entzunak.
Egoitz Telletxea Etxepare. Artxibo pertsonala
Doinu horien arrastoan, Lesakako Liburutegiko Musika Artxibora jo nuen. Albisturri zegokion karpetan, Santiago Irigoienek transkribatutako bertze hiru pieza aurkitu nituen. Sei doinuak elkarren artean konparatzean, ondorioztatu nuen bai Santiagoren transkripzioan, bai Candidoren eskutik idatzitako partituran, bi doinu berdinak zirela eta iturri bakoitzeko azkenak desberdinak. Santiagok jota bezala zeuzkan izendatuak.
Bertze bi alderdik ere piztu zidaten arreta: izenburuak eta azpi-izenburuak. Erran dudanez, Albisturrek lau doinu hauek “Los gaiteros” izenburupean bildu zituen. Banda eta gaitariekin batera jotzeko idatzi ote zituen? Nafarroan ez da arraroa banda eta gaita elkarrekin entzutea, eta pieza 1925 ingurukoa izanik, garai hartan gaita eta bandarako konposatzea nahiko modan jarria zen.
Bertzalde, Lesakan baziren gaitariak? Baliteke baietz, nahiz eta Candidoren garairako desagertuak izan. 1869an Uriz y Labayru gotzainak gure herrira egindako artzain-bisitaren kronikan jasotzen denez (Goñi Gaztambide, 1991), Iruñeko apezpikuari harrera Musika Bandak (1857an sortua), txistulariek eta gaitariek egin zioten. Lesakarrak al ziren gaitari haiek, ala kanpotik ekarriak? Zaila da ziurtasunez erratea. Gainera, partituraren tonalitatea ez da bereziki erosoa gaitarekin jotzeko, baina, hala ere, interpretatzea posible da.
Azpi-izenburuari dagokionez, baliteke Albisturrek gure jota hasieran balts modura pentsatu edo izendatu izana, lanaren idazkera oso ongi dator forma horrekin eta molde hori gaitarientzat egokia da. Hala ere, badirudi laster hasi zela jota modura jotzen. Guzti hau erran ondotik, zein da gure jotaren izena orduan? Eskura ditugun iturrien arabera, gure jotaren jatorrizko izena Los gaiteros 1 da.
Fandangoren ondotik (jota, guretzat), euskal dantzaren ohiturari jarraituz, arin-arinaren txanda dator. Gure arin-arinaren sustraiak ere Albisturren partitura zaharretan aurki ditzakegu; zehazki, lehen aipatutako paper haren gibelean Contradanza 1 izeneko konposizioa ageri da. Pieza horren lehenbiziko puska eta gure arin-arinarena berdin-berdinak dira, nahiz eta bertze bi zatiak desberdinak izan. Antza, Albisturrek lana berridatzi zuen.
Dena dela, gaur egun aditu, dantzatu eta jotzen dugun arin-arina berreskuratze lan baten bidez ailetu da guregana. 2007an, Bandaren 150. urteurrena ospatzen zela eta, jotak bere arin-arina bazeukala zaharrei adituta, doinua berpiztea erabaki zen. Horretarako, Santiago Irigoyenek egindako lana funtsezkoa izan zen, bere oroimenari esker Albisturrek konposatutako doinu hura idatziz jarri baitzuen (Santiago, Candidorekin hasi zen bandan tronboia jotzen), belaunaldien arteko zubi lana eginez. Beharrezko moldaketak egin ondotik, pieza hau gure ondare biziaren parte bihurtu da berriz ere, eta orduz geroztik San Fermin bezperako danborradan, eta noiznahi, jotzen da.
Archivo Real y General de Navarra, FOT-GALLE, Serie 48-53.
Santiago Irigoyen eta Tomas Rekondo gaztetxoa Kontxita Esparza eta Gilermo Agararen ezkontzan.
Zein garrantzitsua den gure adinekoengadik ikastea!
Oraindik Sanferminetako doinu aunitz daude aipamen ttiki baten zain. Nork daki, akaso heldu den urtean bertzeren batek izanen du hemen bere tokia.
San Fermin besta ederrak opa dizkizuet denei! Gora Lesaka eta gora San Fermin!
Estrata kaleko Katalimotzeneatik,
Letxeriko eta Konfiteriko semea
Comentarios
Publicar un comentario