Lesakan bilduak I (Aita aitzinerako)
Sarrera moduan
“Lesakan bilduak” izenburupean emanen diogu hasiera blog honetako bertze sail bati. Izenburuak berak erraten duen gisan, Lesakan bildutako doinu eta bertsoak dira, baina garbi dago den-denak ez direla gure herrikoak.
Blog honetako bertze sarrera batzuetan agertu dira dagoeneko Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiak. Bi jenio hauen lana altxor handi bat da zentzu guztietan, baina bakoitzak bere begiekin aditzen zuen musika. Azkuek alderdi filologikoari, hitzari, egiten zion kasu gehiago, musika puskaten bigarren mailan utziz —nahiz eta gizonak musikari monduan formakuntza aparta izan—. Aita Donostiak, berriz, artea ikusten zuen nonahi; bere bilduman musikak hartzen du indar gehiena eta musikan bilatzen du antzinako altxorra. Letrak eta bertsoak bere horretan biltzen zituen, inongo ukiturik eman gabe; Azkuek ez bezala, honek askotan aldatzen baitzituen hitzak dotoreago uzteko.
Bi erraldoi hauen lanean oinarrituta, gure herrian bildu zituzten doinu eta letrak ekarriko ditut hona noizean behin.
Lehen erran dut doinu guztiak ez direla gure herrikoak, eta azalduko dizuet zergatik. Garai bateko Lesaka puntu estrategikoa zen arras: muga hurbil, merkataritza handia, joan-etorriko jendea... Beraz, herrian jasotako abesti aunitz kanpotik etorritako herritarrek, neskameek, apezek, monjek edo merkatariek ekarritakoak ziren, nahiz eta gero Azkuek eta Aita Donostiak hemen, gure artean, bildu.
| https://upload.wikimedia.org/ |
Bi folklorista hauek lan egiteko orduan, abestiak non eta norengandik jasoak ziren erregistratzen saiatzen ziren. Azkuek, kasu honetan, zorrotzago jokatzen zuen; herritarren izen-abizenak fin-fin apuntatzen zituen eta! Aita Jose Antoniorentzat (Aita Donostiarentzat), ordea, bigarren mailako datuak ziren horiek; askotan “X” bat jartzen zuen izenaren lekuan, edo kantariak nongoak ziren ere ez zuen biltzen. Musikaren edertasunak itzaltzen zuen bertze guztia.
AIta aitzinerako
"Lesakan bilduak" saileko lehenbiziko kantu honek “Aita aitzinerako” du izena. Azkue eta Donostiaren jatorrizko kantutegietatik hartu ditut irudiak, eta doinuak, berriz, Eusko Ikaskuntzaren barna lortutakoak dira.
Azkue, Resurrección María de. Cancionero Popular Vasco. 2 vols. San Sebastián: Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa, 1922–1923.
| https://www.eusko-ikaskuntza.eus/ |
Azkuek bildutako doinua triste-tristea da. Hagitz ongi islatzen du musika ikasketa handirik gabeko jendearen kantatzeko modua partituran; izan ere, Si Bemolak natural idazten baititu momentu batzuetan, doinuaren zentzu logiko hori puskaz hautsiz.
Josefa Antonia Pikabea izan zuen berri-emaile Azkuek. Ez dakit emakume hau nor ote izan zitekeen gure herrian... badakizue, folklorista hauek jende adinduarengana jotzen zuten beti kantu bila, zaharragoek baitzuten altxorra gordean. Beraz, pentsa dezakegu Pikabea andrea emakume adindua izanen zela garai hartan. Kantutegi hau 1921ean argitaratu zen, eta seguruenik Azkue urte batzuk lehenago hasia zen herriz herri bilduma osatzen.
Bertzalde, Josefa Antoniak berak abestia Bidasoaz haraindikoa dela erran zion biltzaileari; iparraldekoa, alegia, eta Lapurdikoa seguruenik. “Libera” hitza da kantu honetan iparraldearekin lotzera naraman pista bakarra. Josefa Antonia Iparraldean aritua izanen ote zen lanean neskame? Seniderik edukiko ote zuen han barna? Nork daki! Kontu horiek denak denboraren lausoan gelditu dira...
Donostia, Aita (José Gonzalo Zulaika). Cancionero Musical Popular Vasco. Editado por Jorge de Riezu. 4 vols. San Sebastián: Eusko Ikaskuntza, 1994.
https://www.eusko-ikaskuntza.eus/ |
Akautuz...
Bertze zenbait musikariren laguntzarekin (Pascual Aldabe eta Candido Albistur) 60 bat doinu bildu zituzten gure bi ikerlariek. Ea polliki-polliki ezagutzera ematen ditudan.
Bibliografia
- Azkue, Resurrección María de. Cancionero Popular Vasco. 2 vols. San Sebastián: Imprenta de la Diputación de Guipúzcoa, 1922–1923.
- Donostia, Aita (José Gonzalo Zulaika). Cancionero Musical Popular Vasco. Editado por Jorge de Riezu. 4 vols. San Sebastián: Eusko Ikaskuntza, 1994.
- Martinena Ruiz, J. J. (2004). La diócesis de Pamplona a comienzos del siglo XX. Príncipe De Viana, (231), 321-339
Comentarios
Publicar un comentario