San Martin dela monje... (Toberak)

A.A bidez egina.

Zenbait kontu

Aita Donostiak eta Azkuek jaso zuten materialaz baliatuz, erran daiteke toberak Nafarroako iparralde ia osoan kantatzen zirela. "Kantatu" diot, herri guzietan ez zutelako tobera instrumentua erabiltzen. Ikerlari hauek idatzitakoaren arabera, toberen ohitura Sakanatik Aezkoaraino zabaltzen zen eta, gure zonaldean —Lesakan (eta Oiartzunen) modu berezian—, arront sustraitutako usadioa omen zen. 

Gure eskualdeko zenbait herritan kantatzen ziren letra eta doinuen berri badugu, nahiz eta aunitzetan bertsoak ez zaizkigun osorik ailetu. Erratterako, Beran kantatzen ziren letretatik hauxe ailetu zaigu:

Nere lagunak, lagunak onak,

Beti bezela ""courage"";

Lizenziaren eskatutzera

Onat etorri gerade." 

Sunbillan abesten zituztenetatik hau:

Zortzirak yo dute ta,

Beretzitan dago;

Gure laztan galanta,

Oi! non ote dago?"

Tobera izenez ezagunak ez baziren ere, ezkon aitzineko horrelako ekitaldiak egiten zirela jasota dago Nafarroako leku anitzetan, bai eta Euskal Herriko probintzia desberdinetan ere.

Toberen berri, nerabe nintzela izan nuen lehenbiziko aldiz. DBHko lehenbiziko mailan nengoela, musikako irakasleak (Maria Jesus Agirre Unzeta, emakume berezia) musika herrikoiari buruzko lan bat eskatu zigun, eta nik Lesakako musikaren inguruko ikerketa xume bat prestatu nuen. Zeregin honetan atta izan nuen laguntzaile; izan ere, osasunak lagundu zion bitartean, herriko kulturan biziki sartutako gizona izan baitzen. Attak, 1982. urteko Santa Zezila eguneko programa bat eman zidan, antza, berak idatzia zena. Han irakurri nuen lehen aldiz tobera hitza, eta herrian nortzuk izan ziren azken toberalariak: Bautista Legasa eta Martin Zubieta, "Erbiya". Tramankulu hura nolakoa ote zen ezin imaginatuz, attari galdetu nio:

Atta, zer da tobera? 

Pentsazu metalezko txalaparta gisako bat dela, barra baten gainean burdinazko lau barra ttikirekin jotzen dena —erantzun zidan.

Bueno, ez da txalaparta baina ez dabil hagitz urruti:

                                                                                https://www.soinuenea.eus/

Gerora ikasi nuen tobera ez zela instrumentu hutsa, toberak zirela; hau da: ohitura, musika eta bertsoa uztartzen zituen ekitaldi oso bat.

Urteen joanean, toberaren gaiari ez nion kasu handiegirik egin koadrilako baten ezkontzarako gonbita hartu nuen arte. Kotxean, lanetik bueltan heldu nintzela, hain esakarra den lagun honi ezkon-bezperan toberak jotzea gogotu zitzaidan, baina azkenean ezin izan nuen asmoa aitzinera eraman.

Ohitura hura nolabait berreskuratu behar nuela sentituz, ikerketan hasi nintzen eta, ustez herrikoak ziren doinu eta bertsoak bildu nituen handik eta hemendik. Usadio hori berpiztea litzateke nire ametsa, eta hemen utziko dut bildutako materiala, norbaiti interesgarria suertatuko zaionaren esperantzan.

Toberak

Ahozko tradizioaren bidez ailegatu zaigunagatik eta ikerlari zenbaitek idatziz eman digutenaren arabera, toberak bikote bati ezkondu aitzinetik kantatzen zitzaizkion (herriaren arabera desberdina zen toberak kantatzeko eguna). Bost bat mutileko koadrilak osatzen zuen toberalarien taldea: bertsolari bat, toberak eusten zituzten bi lagun eta bertze bi tobera-jole. Instrumentua nahiko sinplea zen: bi muturretatik sokaz lotutako burdinezko barra bat, zeinetan metalezko lau palankaren bidez soinua ateratzen baitzen. Antza denez, Lesakan hodi (edo barra) bakarra erabili beharrean, hiru erabiltzen omen ziren eta horrek taldeko kideen kopurua haunditzen zuen, noski. Aita Donostiak nik baino hobe azaltzen du:

«La mañana del domingo en que se amonesta (1)  una muchacha, dos mozos, los vecinos más próximos de su casa, hincan una palanca enfrente de casa de ella. Dos solteras, también por riguroso orden de vecindad, adornan la palanca con flores, encajes y cintas, poniendo en ello todo cuidado, pues la palanca durante todo el día es objeto de curioso examen por parte del público. Permanece hincada hasta después de cantadas las "Toberas". Hay casos en que la palanca adornada es llevada a casa de la novia al son del acordeón. Esta operación de adornar y clavar la palanqueta tiene lugar al toque de alzar (2) de la misa mayor, en la seguridad de que el párroco, desde el púlpito, ha divulgado oficialmente, como quien dice, el noviazgo con la consabida proclama (3). Terminada la ceremonia religiosa, todas las amigas e invitadas a la próxima boda visitan a la novia para felicitarla.

Permanece hincada la palanca hasta el toque de ángelus, hora en que se da la serenata a los novios, pues él a esa hora se encuentra en casa de su prometida. Van a cantar a su puerta, ya por invitación, ya por propio impulso, según los casos y circunstancias. Los que toman parte en esta fiesta son cinco por lo menos: dos para sostener, pendiente de cuerdas, la palanca (que en algunos casos es distinta de la adornada), otros dos para tocar en ella con los hierrillos (dos para cada uno) y finalmente, uno, el quinto, que es el versolari encargado de cantar los versos (...)

El programa del concierto es: solo instrumental rítmico sobre la palanca; terminado éste, se canta la primera estrofa. Nuevo intermedio o tocata instrumental y nueva estrofa, y así van sucediéndose por orden el instrumento y el cantante. Excepción hecha de la primera copla, que siempre es la misma, las demás se improvisan. (...) Es de advertir que en Lesaca las palancas son tres, acordadas en tres tonos distintos».

DONOSTIA, Aita. (1924). Toberak. Obras Completas del P. Donostia. (I. liburukia, 71-90 orr.). Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca.

Aita Jose Antoniok darabiltzan zenbait hitz ulergarriak ziren idatzi ziren garaian, baina egungo irakurleentzako azalpen bat emate aldera termino batzuk argitu ditut:

  • 1. Amonestaciones: Ezkontza-deiak nahitaezko baldintza dira Eliza Katolikoan ezkontza-espediente bat bideratzeko. Ospatzekoa den ezkontzaren berri ematen da jendaurrean, oztopoko kanonikorik ez dagoela egiaztatzeko eta informazio garrantzitsua duen edonork horren berri eman dezan ahalbidetzeko. Oraindik ere egiten da. Gara hartan ezkontza aitzineko hiru igandetan egiten zen. Beraz, amonestazioen hirugarren igandean ezkontzekoa zen neskaren herrian egiten zen. 

  • 2. Toque de alzar: Mezako zatirik garrantzitsuena den kontsagrazioaren garaia. Kontsagrazioan sagartzekoa den hostia goratzen du aipazak eskuen artean hartuta. Ohitura zen momentu horretan ezkilak jotzea gertatzen ari zenaren berri jendeak jakin zezan.

  • 3. Proclama: Ezkontzaren berri ematea. 

Toberak Lesakan

Instrumentuari dagokionez, Lesakan, Juan Mari Beltran ikerlari eta musikariak Manuel Lekuonak aipatutakoaren gainean idatzitakoaren arabera, toberak (instrumentua) sutegiko hauspoen hodietatik sortu ziren; aipatu musika hodi horiek garbitzeko lanen ondorioz sortu omen zen, tximiniak bezalaxe, erabileraren bidez zikintzen baitziren. Eguneroko zeregin hau, denboraren joanean, instrumentu bilakatu zen eta honen inguruan ohitura desberdinak sortzen hasi ziren, eta tartean emaztegaiak limurtzeko ere erabiltzen ziren toberak. 

Ekitaldiari bagagozkio, gure herrian ohitura honek eboluzio bat izan zuela dirudi. Azkue eta AIta Donostiak bildu zuten ohiturak transformazio bat izan zuen eta toberak eguerdian kantatzetik ilunabarrean kantatzera pasatu zirela dirudi, Pregoi afariaren aitzinetik. 


Aita Donostiaren garairako (1924. urtean idazten du honi buruz), toberen ohitura galtzear zen gure herrian, berak dioenez; gero eta gutiago ziren usadio hau betetzen zuten koadrilak edo opari hori jasotzen zuten ezkontideak. Bere lanean gure inguruko hainbat herri aipatzen ditu ( Igantzin, Arantza, Bera, Sunbilla, Ezkurra, Elgorriaga,, ...), eta ordurako denetan desagertua zegoen ohitura hau, lekuko zaharrenek ohiturazko bertsoak gogoan bazituzten ere. Lesaka zen, kaputxindarraren idatzietatik ondorioztatzen denaren arabera, ohitura hau ozta-ozta mantentzen segitzen zuen bakarra.

Fraideak idatzita utzi zuenez, Lesakako toberen inguruan, Eladio Esparza Aginaga izan zuen berriemaile Aita Jose Antoniok, eta Esparza beraren ahotik jaso zuen herrian toberetan erabiltzen zen bertso-doinua. Hortaz gainera, eta seguruenik bera testigu zela, metalezko barren gainean jotzen zen erritmoa ere transkribatu zuen. Horiexek dira Aita Donostiak utzitako bi dokumentuak; bertsorik, ordea, ez zuen bildu.

Usadio honen bigarren lekukotasuna 1972. urtean grabatutako disko batean aurkitzen da: Herrikoi musika sorta 10: Lesaka. Disko honek gure herriko zenbait doinu biltzen ditu eta, 15. lekuan, toberak datoz. Grabaketa hontan, Bautista Legasa Generenborda, Martin Zubieta Erbiya eta Dionisio Mujika (Dunixi Mujika, diskoaren arabera) ageri dira toberalari gisa, eta bertsotan, berriz, Oiartzungo Karmen Berasategi.

Azkenik, 1985. urteko testigantza bat daukagu. Azken hontan, Juan Mari Beltran handiak zerikusi handia izan zuen. Hau ere disko bat da, Soinu tresnak Euskal Herri Musikan izenekoa. Lan honek informazio gehiago eskaintzen du, eta toberalari gisa Dionisio Mujika aita-semeak ageri zaizkigu, Jose Iantzi bertsotan ari dela.

Horrela bada, hiru iturri eta hirurak desberdinak: doinu desberdinak, bertso desberdinak eta tobera-erritmo desberdinak. Aita Donostiak dionez, lehenbizikoa kenduta ("San Martin dela monje..."), gainerako bertso guziak berehalakoan sortzen ziren, eta akaso horregatik ez zituen bildu. Aitzinxeago ikusiko dugu bazirela bikote guztiendako baliagarriak ziren bertso estandarrak eta, hitzez hitz errepikatzen ez baziren ere, hagitz antzekoak zirela.

Aipatu berri ditudan hiru iturriak musikalak dira. Horietaz aparte, eta ahoz aho aditu dudana alde batera utzita, bi grabazio ere baditugu toberen ohitura kontatzen dutenak. Lehenbizikoa Joxe Irigoien Etxabideri egindako grabazioa da, eta bertzea, Mañula Iantziri egindakoa. Biak 2007koak dira. 

Azkenkotz, eta berriki topatu dudan dokumentu bat da, 1950.hamarkadako argazki bat ere badago. Artikuluaren ondarreko gelditzen da hau.

Doinua eta bertsoak

Goazen eskura dauzkagun doinu eta bertsoak aztertzera.

    1.Cancionero Vasco (Aita Donostia)


Aita Donostiak dakarren doinua Fa majorean transkribatua dago eta aski arraroa suertatzen da.
Dios te salve-aren traza bat topa lekioke urrutitik eta, seguruenik, eskeko kantu honek toberekin lotura izanen zuen aitzina. Aita Donostiak berak toberak eta Olentzeroren inguruko bertsoen arteko harremana plazaratzen du artikulu batean.

https://www.eusko-ikaskuntza.eus/


https://www.eusko-ikaskuntza.eus/

Doinua zinez arraroa suertatzen da, arrotza egiten zaio bati belarrira. Airea aztertzen hasita eta hain bitxia izatearen zergatiaz hausnartuz, ideia bat plazaratu nahi nuke: izan liteke kaputxinoak doinua transkribatzean herri-musikan hain ohikoak diren nota apaingarriak (adornoak eta melismak), idazkera ttikian jarri beharrean, idazkera normalean jarri izana eta horregatik doinua hain arraro gelditu izana? Gehiago sakontzeko kontua dela uste dut, baina hortan utziko dugu momentuz.

https://www.eusko-ikaskuntza.eus/

Palankek jotzen zuten erritmoa ere transkribatu zuen Aita Jose Antoniok eta, lehen erran bezala, hiru notaren gainean antolatzen da erritmo hori, polliki-polliki erritmoa azkartuz.

    2.Herrikoi musika sorta 10: Lesaka

https://www.soinuenea.eus/

Hasiera batean letrak Lesakakoak zirela pentsatu banuen ere, azkenerako ohartu nintzen toberalariak zirela lesakarrak, eta kantaria eta bertsoak, berriz, Oiartzungoak. Arestian aipatu bezala, disko hontan Oiartzungo Karmen Berasategi ari zaigu kantari, eta toberajole, herrian gelditzen ziren azkenetako bi: Bautista Legasa eta Martin Zubieta,
"Erbiya". Dionisio Mujika haiekin ikasia zen, eta grabaketan ere ageri da palankei hotsa atereaz. Doinua Fa# Maiorrean dago.

Herrikoi Musika Sorta 10; Herri Gogoa; Edigsa. Trans Egoitz T.E

Azpain audioa. Txakaingo zortzikoa dela dio baina gaizki izendatua dago.

Metrika aldetik aski irregularrak dira Karmenek kantatzen dituen bertsoak, eta eskean ibiltzeko kopla zaharren eragina nabaria da zinez. 

Herrikoi Musika Sorta 10; Herri Gogoa; Edigsa. Trans Egoitz T.E

Topiko literario eta tradizionala den moduan, Ama Birjina eta Jangoikoa aipatuz hasten da bertso-sorta haien babesa eskatuz, jarraian toberalarien asmoak zeintzuk diren azaltzen hasiz. Kuriosoa gertatzen da San Martinen aipamena, ez baita inondik ere maitemindiuen patroia edo ezkonberrien babeslea. Baina badauka kopla hauetan presente egoteko arrazoi garrantzitsu bat; izan ere, San Martin aipatzean, helburua ez zen bikotearen maitasuna goratzea, familia berriari oparotasuna, elikadura eta elkartasuna opatzea baizik. ALde batetik, San Martin bestak (azaroak 11) zerri-hiltzeen hasiera hasiera markatzen zuen eta gainean zen negu gogorraren biziraupenaren hasiera. Toursko gotzain santua aipatzeak despentsa beti beteta edukitzea eta oparotasuna desiatzeko modu bat zen. Honekin lotuta, euskal tradizioan normalak ziren eske-errondak ezkontza aurreko egunetara moldatzen ziren, kantari ibiltzen ziren gazteek ezkongaiei zorte ona opatu eta ospakizunerako dirua edo jaki desberdinak biltzeko.

Bertzalde, alderdi erlijiosotik, San Martinen irudia ere erdutzat jartzen da, izan ere bere hagiografiaren barrenean pasarterik ezagunenetako bat santuak bere kapa behartsu batekin konpartitu zuenekoa baita eta honek ezkongaitzentzako eredu pedagogiko gisa balio zuen, familian dena elkarbanatu behar zutela gogorarazteko, bertzeak bertze.

Lesakako eliza. Egoitz T.E. Atearen gaineko erliebean ikusi daiteke San Martinen pasarte ezaguna. 

Momentu hontatik aintzinera, gauza diferenteak kontatzen zaizkigu jarraian datozen kopletan: ezkongaien arteko solasak, ezkondu ondoko gertakariren bat…

Karmenek kantatzen dituenak usadiozko bertsoak dira; batzuk, antza, hagitz aintzinatik kantatzen zirenak, eta bertze batzuk, ezkontza konkretu baterako sortu eta herriak bere egin zituenak. Lekuonak Oiartzunen bildutako koplekin bat datoz gehien-gehienak, nahiz eta aldaketa batzuk nabariak izan.

Gauza pare bat suertatu zaizkit deigarriak:

San Martin dela monja. Hau nondik heldu den ezin asmatu. San Martin, Euskal Herrian aski ezaguna den santua, monjea izan zela jakina da. Ulertzen ez dudana da santuari monja deitzera nola pasatu den tradizioa. Bertze lekuren batean ere ikusi dut. Euskaraz edo gaztelaniaz ote dago esaldi hori? "De la monja" (monjarena)? "Dela monja" (monja dela, alegia)?

Borrontziaren edo burduntziaren aipamenak ere atentzioa deitu dit. Nafarroan "gerrena" erraten omen dela aipatzen du, eta egia da Euskaltzaindiak hitz hau onartzen duela. Nere iritziz, instrumentuari berari, toberari,  egiten dio erreferentzia aipamen horrek. Guk hodi, tubo edo barra deitzen diogun objektuari Oiartzunen borrontzia deituko zioten eta guk gerrena, seguroenik.

Oiartzungo kopla hauek oinarri hartuta egin den bertsiorik ederrena hau izanen da seguroenik:

    3.Soinu tresnak Euskal Herri Musikan

https://www.soinuenea.eus/

Azken hontan, Dionisio Mujika aita-semeak ageri zaizkigu toberarekin eta Jose Iantzi bertsotan. Iantzik dioenagatik, berak kantatzen dituen hauek herriko klopak dira; berak toberen ohitura ezagutu duela dio, eta bertso hauek Rafael Irigoienengandik ikasi zituela hamasei urterekin. Jose Usategitakua, Rafaelen seme Joxerekin ibilia zen bertsotan eta toberetan maiz parte hartuak omen ziren biek.

Juan Mari Beltran, Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan, 1985. CD. Trans. Egoitz T.E




Metrikaren aldetik, Jose zortziko ttikian ari dela erran genezake, nahiz eta neurriak, doinuaren laguntzaz, momentu batzuetan moldetik ihes egin.

Juan Mari Beltran, Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan, 1985. CD. Trans. Egoitz T.E

Eskerako erabiltzen ziren kopla zaharretan ohikoa den moduan, sarrerarako santuak eta Ama Birjina aipatzen ditu. San Martin da azaltzen zaigun lehenbizikoa; oraingoan monje gisa aipatzen du Toursko gotzaina eta ez monja, aurreko bertsioan ez bezala.

Ama Birjina ageri da bigarren tokian, haren babesa eskatu nahian edo, eta San Joakin aipatzen du akitzeko. Hagitz bitxia da azken aipamen hau, ez baita debozio handiko santua, eta bitarteko gisa zitatzen du. 

Ikertzen hasita, San Joakin (Ama Birjinaren aita) aitzinatik ezkonberrien zaindari edo patroi moduan onartua omen dago. Ez da Bibliak aipatzen duen pertsonaia, bere lehen aipua ebanjelio apokrifo batek egiten dut, Santiagorenak. Kalmeldarren artean debozio handiko santua. Lesakan karmeldarren komentu bat izan genuen, baina seguruenik lehenagokoa da inbokazio hau. Dena dela, koplaren gaia zein den ikusirik, nahiko egokia da zaindariaren aukeraketa. 

Bigarren koplak ezkonberriak zoriontzen ditu, eta ondotik toberaren ohiturari egiten dio erreferentzia. Iantzik erabiltzen dituen zenbait hitz berezi eta ezohikoak dira zinez: atalondun, usalege, soinduba… Lesakako egungo euskaran entzungaitzak diren formak dira hauek denak. Galera lexikalaren ondorio? Edo, akaso, bertsoak ez dira jatorriz Lesakakoak? Aitzinerago aztertuko dugu.

Hirugarren bertsoak, berriz, ezkontideen arteko maitasunari egiten dio aipamena lehenbiziko puntuan, eta jarraian, ondorengotza ugariaren desioa azaltzen du, usadioaren jarraiki. Akitzeko, ezkon-gauari egiten dio erreferentzia. Bertan ere aurkitzen ditugu Lesakako euskaran arrotz suertatzen diren hitz batzuk: ezkondutzen, zerate, daitzela.

Badirudi Bortzirietako euskaran biziki zabaldua zegoela u bokalaren labializazioa, eta horren ondorioz sortzen dela soinduba bezalako forma. Bertze fenomeno esanguratsu bat da Bidasoaldeko euskaran garai batean erabilitako adizki-forma zaharraren agerpena: daitzela, gaur egun ia desagertua dagoen forma, alegia.

Bide berean, palatalizazio-fenomenoa nabari da guatziya hitzean, eta hau ere gure euskalkiaren bereizgarri handia da. Ezkondutzen formari dagokionez, bertsolaritzan aspaldidanik erabili izan den baliabide metrikoa da: partizipioari -tzen atzizkia eransten zaio, silaba bat gehitzeko eta doinura egokitzeko helburu hutsez.

Oro har, aipatutako hitz eta adizki horiek gure gaur egungo euskaran arrotzak egiten zaizkigu. Beraz, testu aski zahar baten aitzinean gaudela erran daiteke; litekeena da hitz batzuk gure euskalkitik galdu izana edo, bertzela, bertsolariak adierazkortasun zein errima arrazoiak medio egokituta erabiltzea.

Jarraian heldu bideoa ALTXOR bat da. Oraindik ez daki Euskal Herriak zenbat zor dion JUanmari Beltran haundiari. 1985 inguruan grabatutakoa da bideo hau. Lehen adittu dugun bideoaren antzeko esplikazioak agertzen dire hemen, baina luzeago eta irudi bidez. Toberen joaldi bat nola egiten zen erreproduzitzen dute. Bideoan aspaldi joandako zenbait pertsona ikusi daitezke, baita oraindik gure artean dauden zenbait ere. Polita. Hagitz polita.

                                                                        Juan Mari Beltran, Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan, 1985

Elkarrizketak

Adittu ditzagun Mañula eta Joxe (Ahotsak.eus).





Mañulak burutan zituen oraindik lehendik Joxeri aditu dizkogun hirugarren koplako pare bat puntu. Doinu diferentez kantzen ditu, ordea.

Joxe Irigoienen kontaketatik neretzat ikaragarrizko sorpresa izan den datu bat atera dut: Hipolito Etxeparek toberak jotzen zituen. Nor dugu gizon hau? Nere birratatxi. Kanponbattan jaio eta bizittua, ezkondu eta jadanik ondorengotza izan eta Xuaxkobordara aldatu zen arte. Pertsonaia interesgarria eta mila saltsatako perrexila: Ezpatadantzarien aintzinesku izandakoa, fandango dantzari aparta (Pepito Iantzik pieza bat eskeini zion), Ezkaban preso egona Endaltsako zubia lehertzeagatik... Ez nuen bere toberalari fazetaren inongo berririk eta ikaragarri poztu nau atatxi Hipolitoren alderdi berri honen ezagutzak.


Argazkia

Eta sorpresaren atzetik bertze sorpresa bat. Artikulu hau idazteko dokumentatzen ari nintzela argazki hauxe topatu dut. Toberak Kasinoko atean 1952an. Nor da argazkilariari begira dagoen gizon toberalari hori? Hipolito Etxepare. Identifikatu beharreko zenbait pertsona ere ageri dira. (Argazki hori... momentuz neretzat gordeko dut).


Bukatuz…

Luze doan sarrera hau akitzeko, zenbait gauza aipatu nahi nituzke. Joxek 2007an egindako elkarrizketan erraten zuenez, 60 urte ziren azken aldiz toberak kantatu zirenetik. Gaur egun 79 urte lirateke. Duela urtebete erran zidatenez, 60 bat urte ziren inori toberak kantatzen ez zitzaizkiola. Antza denez, azkenak Endika Lekarozi abestu zitzaizkion.

Harro eta zoriontsu erran dezaket 2025eko maiatzaren 30ean, ikaragarrizko urte pilaren ondotik, toberak berriz jo zirela ezkontza bezpera batean. Antoiu kaleko estrata zaharreko (Estrata kalea gaur egun) Katalimotzeneko atean, nere emaztegaia eta niri jo zizkiguten.

Zorionekoa ni.




Tobera jotzen:
    - Xabier Ariztegi Huarte "Zortziko"
    - Aritz Telletxea Etxepare
Tobera kontzen:
    - Oier Iantzi Ordoki
    - Ion Olaizola Etxegarai
Bertsolari:
    - Xabier Ariztegi Huarte "Zortziko"
    - Iñigo Alzugarai Legazkue "Abaxkene"

Bibliografia:

  • Azkue, R. M. de. (1990). Cancionero popular vasco. Euskaltzaindia.
  • Barandiaran, J. M. (1921). Eusko-Folklore. Materiales y Cuestionarios. (Reeditado en Obras Completas).
  • Beltran Argiñena, J. M. (1996). Soinutresnak euskal herri musikan. Orain.
  • Caro Baroja, J. (1979). El Carnaval (Análisis histórico-cultural). Taurus.
  • Donostia, P. (1924). Toberak. En Obras completas (Vol. 1, pp. 71-90). Gran Enciclopedia Vasca.
  • Donostia, P. (1952). Instrumentos musicales populares vascos. En Obras completas (Vol. 2, pp. 257-309). Gran Enciclopedia Vasca.
  • Donostia, P. (1983). Cancionero musical popular vasco (J. de Riaño, Dir.; Vols. 6-9 de Obras completas). Gran Enciclopedia Vasca.
  • Lekuona, M. (1920). El epitalamio vasco: Las toberas. En Idaz-lan guztiak (pp. 365-378). Kardaberaz Bilduma (Obra reeditada en 1978).
  • Satrústegui, J. M. (1974). Solsticios y ciclos festivos. Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 6(16), 13-35.

Webgrafia:
  • https://ahotsak.eus/
  • https://atlasetnografico.labayru.eus/index.php/Coplas_a_los_novios._Toberak
  • https://archive.culturalequity.org/
  • https://www.euskaltzaindia.eus/
  • https://www.eusko-ikaskuntza.eus/
  • https://www.soinuenea.eus/


Comentarios

Entradas populares de este blog

Ongi etorri nere txoko berri hontara! / ¡Bienvenidos a este nuevo espacio!

Sanferminetako musika (I) "Extended version"

La bandera de Lesaka / Lesakako Bandera