"Emetzi eun urte pasia..."
Garai bateko bertso idatzietan data aipatzeko ohitura izaten zen. Nahikoa da Orioko balearen bertsoen hasiera gogotan hartzea ( Mila bederatzieun da / lehenengo urtian / maiatzaren amalau /garren egunian...) edo Xenpelarren hainbat bertso idatziri erreparatzea (Agoztuaren ogei ta biyan / para dirate lazua...); erran genezake garaiko topiko literario bat zela.
Kasu honetan, goiburuan jarri dudan bertso-lerroa lesakartutako igantziar bati zor diogu: Paulo Iantziri. Aintzinerago idatziko dut bere biografiaren inguruan, eta etorkizunean ere bere bertsogintzaren baratzetik ondutako zenbait lore ere eskainiko dizkizuet, izan ere bertso jarrietarako grazia eta estilo baitzuen.
Sarrerari izena ematen dion bertso-lerroa "Iñauteriyetako deia Euskalerriyari" izeneko sortatik atera dut. Adin bateko herritar zenbaiten artean oraindik ezagunak dira bertso hauek, bai eta haiekin denbora pasa duten gazteagoen artean ere. Bertsolaritzaren muina, "atzo" arte, ahozko transmisioa izan da, eta gure zaharrengandik ikasi beharko genituzke haiek falta direnean desagertuko diren hainbertze doinu, kontu eta bertso. Gure adinekoak, zentzurik onenean, dokumentu historikoak dira.
| Iturria: IA |
Nik bertso hauek inauterietako astelehen batez aditu nituen Kasinon lehenbiziko aldiz. Irakurtzen banau, kantatu zizkidanak bere burua errekonozituko du kontaketan. Bandako zenbait kiderentzat egun seinalatua izaten da inauterietako azken-aurreko eguna (bai, azkena asteartea da, nahiz eta fraindarrak bakarrik oroitzen diren hortaz); izan ere, goizean musika giroan gure buelta egin ondotik, Kasinon izaten baitugu elkarrekin gustura egoteko parada, ahal dela bertan denei bazkondoko inspirazioak eman digun indarrarekin errezitalen bat eskainiz.
Duela 20 bat urte izanen zen. Bazkalondoko kopa, kontu eta tertulian ari ginela, oraindik musika jotzen hasi gabe, Sanfermitako eskaleran nirekin batera afaltzen zuen mutil bat agertu zen, astelehen goizeko lanek utzitako ondorioa nahiko nabarmen zuela. Ni, bertze bandakide batzuekin ari nintzen solas eta solas, eta hantxe jarri zitzaigun ondoan. Inauterien bueltan ari ginen: larunbateko juerga, igandeko zakozarrak... eta hantxe hasi zen bertso hauek kantari. Arront bereziak egin zitzaizkidan doinua eta bertsokera. Doinua, "Batasuna" abestiaren aire berdina zelako zortziko moduan kantatua; eta letra, Lesakako euskara gipuzkoartua zelako. Ikaragarri gustatu zitzaizkidan mahai-inguruan bota zituen hiru edo lau bertso haiek, eta berriz kantatzeko eskatu nion, apuntatu nahi nituela. Ezetz, buruz ikasi behar zirela eta ez apuntatuta, berak aitari horrela ikasi zizkiola, eta ia zer zen apuntatzen ibiltzearen asuntu hura! Gogoz gelditu nintzen, eta norenak ote ziren galdetuta, Paulo Iantzinarenak zirela erran zidan.
Astelehena pasatu zen, asteartea ere bai, eta fundamento pixko batekin asteazkenean attari galdetu nion ea bertso horien berririk ote zuen. Baietz. Bere attak (nire atatxi Ramontxo Xumuxek) Paulori ikasiak zizkiola ostatuan (bizilagunak ziren) eta maiz kantatzen zituela, baina berak ez zekizkiela osorik; eta Paulo Iantziri Aita Zavalak Auspoan argitaratutako liburua eman zidan: "Tori, hor ttuzu denak". Zorioneko liburua! Zenbat gauza eta kontu ikasi ditudan handik!
| Iturria: IA. Jatorrizko argazki batetik abiatuta Adimen Artifizial bidez egina. Paulo bertsoak idazten. |
Goazen bada liburura, bertso hauen inguruan Pauloren semea zen Pepitok (hau ere maiz agertuko zaigu blogean) sorta honen gainean kontatzen duena ikustera:
"1922 urtian nere aitak egin zun biaje bat lruñe'ra, bere lagun Modesto Lasaga'rekin. Ez dakit zer asunto zen. Ta lruñe'tik Lesaka'ra eldu zirelik, Modestok erran zion paratu bear zitula Lesaka'ko iñauteriari bertsuak, ta bertso orien doñua izan bear zela Lesaka'ko zortzikoren bat.
Ordun, eldu zirelik bidian, gogotu zaizkion gure aitari bertsu ok, ta an bidian bertan kantatu zion iru edo lau, berak momentuan egiñak. Bai gustatu ere Modesto Lasaga'ri, ta erran zion:
-Oriek kopiatu egin bear dituk!
Ta ala egin zun aitak, etxera etorrita. Urrengo egunian deitu zion Modestori bere ostatura, eta kantatu zitun denen antziñian bertso oriek.»
Iantzi, P. (1968). Paulo Yanzi ta bere lagunen bertsoak (A. Zavala, bil.). Auspoa. Sendoa. Tolosa.
Aztertu dezagun Pepitok dioena.
Paulori bat-bateko bertso gutti ezagutzen zaizkio, eta horiek, seguruenik, aitzinetik pentsatutakoak izanen ziren gehienak (Igantziko apezari bota ziona, Arizkungo saioko hura...). Dena dela, semearen kontakizuna egiatzat hartuta, agerikoa da igantziarrak bertsotan aritzeko abilezia bazuela. Bertzalde, Modesto Lasagak "Lesakako zortzikoren bat" erabiltzeko eskatzen dio lagunari bertso-doinu gisa, eta hementxe heldu da galdera: doinu hori lesakarra ote da?
Euskal Herri guztian da ezaguna aire hau. Aztertzen ibili eta gero, topatu dudanaren arabera, "Batasuna" abestiaren letra Monzonena da eta doinua Pantxoa eta Peiok sortua. Bertso hauek, ordea, 1922koak dira. Telesforo Monzonek 1968an ezagutu zituen Pantxoa eta Peio Uztaritzen. Hurrengo urtean, 1969an, bere olerkiak ematen hasi zitzaion bikoteari (haien artean, Itziarren semea famatua) eta garai hartantxe paratu zioten doinua Batasuna kantuari.
Gehiegi sakondu gabe ikusten ahal da, Pantxoa eta Peiok lehendik bazen doinu bat darabiltela Monzonen letraren lehenengo zatiari musika jartzeko. Doinu herrikoi hura (hala baita, dudarik gabe) nola eta nondik ezagutzen zuten haiei galdetzea bertzerik ez da. Paulok zortziko (5/8) moduan ezagutzen zuena haiek neurria aldatu eta biribilketa (6/8) moduan jarri zuten.
Eta oraintxe heldu da galdera...Doinua Lesakakoa da? Ez dakit. Aita Donostiak eta Azkuek bildutakoen artean ez da ageri eta ez dut bertze inongo bildumatan topatu. Kantariak aparte utzita, Monzonek doinua ezagutzen zuen eta honen gainean idatzi zuen letra? Berak iradoki zien doinu hau? Izaten ahal da. Monzonek Lesaka ezagutzen zuen, eta lesakar batzuk ere bai. Ezin jakin.
Liburura bueltatuz, Pepito Iantzik attak bertso sorta hau idazteko erabilitako doinua transkribatu zuen Aita Zavalak bilduman jarri zezan (maiz egiten zuen hori Zavalak eta eskertzekoa da). Hauxe Pauloren sortako lehenbiziko bertsoa Pepitok transkirbatutako partituran idatzia.
| Iantzi, P. (1968). Paulo Yanzi ta bere lagunen bertsoak (A. Zavala, bil.). Auspoa. Sendoa. Tolosa. |
XX. mendeko 70eko hamarkadan, Herri Gogoa disketxeak martxan jarritako "Herrikoi Musika Sorta" bildumari esker (a zer nolako altxorra!), sail honek Lesakari eskainitako diskoan Pepito entzun dezakegu akordeoia jo eta attak iñauteriei eskainitako sortaren zenbait bertso kantari. Bertso-doinuari zortzi konpaseko zati bat gehitzen dio sarrera, zubi eta akabila gisa.
- Azkue, R. M. de. (1922-1925). Cancionero Popular Vasco (2 liburuki). J. de Astuy irutegia.
- Azkue, R. M. de. (1990). Cancionero popular vasco. Euskaltzaindia.
- Donostia, P. (1983). Cancionero musical popular vasco (J. de Riaño, zuz.; Obras Completas del P. Donostia bildumako 6-9 liburukiak). Gran Enciclopedia Vasca.
- Iantzi, P. (1968). Paulo Yanzi ta bere lagunen bertsoak (A. Zavala, biltzailea). Auspoa Saila, Sendoa argitaletxea.
Comentarios
Publicar un comentario